Bertizko Argia

Bertizko Argia erakusketak 1908ra eramaten gaitu. Inguratzen gaituen espazioa jabetza pribatukoa zen, Bidasoa ibaitik Aizkolegi gailurreraino. Hor bizi ziren Pedro Ciga Mayo eta Dorotea Fernández Morales.

Bertizko Jaurerria 2.052 hektareako lursail bat da, Nafarroako Gobernuaren Baso-Ondarearena. Batez ere pagoz basotuta dagoen eremua, 1984. urtean Natur Parke deklaratua izan zen eta RED NATURA 2000 sarean sartu zen.

Jaurerrian Bertizko leinu-etxea dago, Lorategi Historiko Artistiko ikusgarri baten gainean, 3,40 hektarea baino pixka bat gehiagoko azalera duena. Jaurerriaren jabetzari buruzko lehenengo erreferentzia XIV. mendekoa da. XIX. mendearen amaiera arte belaunaldiz belaunaldi transmititu zen, Pedro Ciga Mayo eta Dorotea Fernández Morales senar-emazteek erosi zuten arte.



Beirateak jaurerriko hainbat eraikinen dekorazioaren parte garrantzitsua izan ziren; jauregia, kapera eta Aizkolegiko jauregitxoa

Ciga-Fernandez senar-emazteek aberastasun handia zuten, ekonomiko zein ondarezkoa. Garai hartarako bikote bitxia ziren oso jantziak zirelako eta natura eta animaliak babesteko sentsibilitate handia zutelako. Ziur aski, arrazoi hori zela-eta erosi zuten Bertizko Jaurerria. Bertan, haien bizitokia finkatzeaz gain, haien nahiak adierazi eta gauzatu ahal izan zituzten; esaterako, jauregia eta kapera erreformatzea, lorategia eraldatu eta handitzea eta gehiegizko ustiapena jasan zuen lursaileko basoa babestea.

Arte modernista une horretan goraldian zegoen eta egin ziren inbertsioetan islatu zen. Garaiko izen handiko arkitektoen laguntzarekin, Bertizko jauregia eta kapera zaharberritu zituzten, ondoren Aizkolegi mendiaren gailurrean, Jaurerriaren punturik altuenean, 842 metroko altueran, jauregitxo berri bat eraikitzeko. Horiek guztiak beirate modernista bereziz hornitu zituzten, guztiak ondare- eta kultura-balio handikoak.

Bertizko Jaurerria Nafarroako Gobernuaren esku geratu zen Pedro Ciga jauna 1949. urtean zendu eta gero, testamentu holografo bidez lursaila Nafarroako Foru Diputazio Txit Gorenari oinordetzan utzi baitzion.

2011. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumeneko eta Kulturako Departamentuen bidez, beirateak aztertu, berreskuratu eta zaintzeko lan egin du “BERTIZKO ARGIA” izena duen proiektuaren bidez.

Bertizko Argia erakusketak beirateen mundua ezagutzea eskaintzen dio bisitariari, espazio txiki batean dauden askotariko aleen bidez. Bertizko Natur Parkeko beirateak Nafarroan gaurdaino ezagutzen diren anitzenak dira.

Kaperaren kanpoko berinapeko beiratea zaharberritzea, Bertizko jauregien beirate guztiak katalogatu eta aztertzea eta kontserbatutako beirate-ondarearen teknika eta estiloei buruzko dibulgaziozko erakusketa bat antolatzea izan dira Bertizko Argia proiektuarekin burututako jarduketa nagusiak.

Kaperaren berinapeko beirate modernista zaharberritzeko proiektua erreferentea da beirate historikoen kontserbazioaren arloan.

Ikusi beiratearen zaharberritzearen emaitza 360º-ko bisita birtual baten bidez

Bisita birtuala

BERTIZKO ARGIA


ZER DA BEIRATE BAT?


BERTIZKO BEIRATEAK


BISITA BIRTUALA