Beirate bat argia da

Beirate bat gauza asko izan daiteke, hasiera batean pentsa daitekeena baino askoz gehiago. Jatorrian beirateak eraikinetan baoak ixteko erabiltzen ziren, baina, gaur egun, beirateekin osatutako objektu eta egitura mordoa topa dezakegu: leihoak, ateak, sabaiak, altzariak, berinapeak, publizitate-iragarkiak, lanparak, erlojuak… Objektu horiek guztiek beirate egiten dituen hori dute komunean: argia.

Beiratea, funtsean, beruna eta beira da. Koloretako beira ia guztia eskuz egiten da. Horretarako, beira-puzteko hagarekin beira hartu, puztu eta biratuz joaten da. Burbuila biratu eta luzatzen da forma zilindrikoa eman arte. Forma hori lortu eta gero, luzetara mozten da eta labe bero batean luzatzen da. Era horretan, beirazko xafla bat lortzen da.

Bartzelonako Poble Espanyol. Beiraren artisautza. (Irudia: Creative Commons)

Sortzeko prozesua

Aurretiko diseinua

Beiratea lantzen hasi aurretik, zirriborro bat prestatzen da, eskala txikiagoan, tintaz edo akuarelaz. Zirriborro hori kartoi batean kopiatzen da, hau da, beiratea kokatuko den baoaren txantiloian, tamaina naturalean. Marrazkia pasatu ondoren, beirak moztuko dituzten berunezko sarearen lerroak markatzen dira.

Zirriborroa. Casa Maumejean. Arte Apaingarrien Museo Nazionalen Funtsak

Beirak aukeratzea

Kartoia egina dagoenean, beirak aukeratzen dira. Diseinua oso landua egon arren, beira ez bada ongi aukeratzen, obrak ez du funtzionatzen. Beiratea da argiarekin “margotzen” duen arte bakarra, haren parte da. Materialez gain, beharrezkoa da beiratea kokatuko den tokia eta argi naturalaren sarrera ongi ezagutzea.

Beirak teknika ezberdinak erabiliz apain daitezke. Ohikoenak grisaila, esmaltea eta hori-zilarra dira.

Beirak

Lan-tresnak

Tresna jakin batzuekin lan egiten da. Beirak diamante edo errulinarekin mozten dira. Erdi Aroan, brujidore edo puskatzeko burdinarekin beirak marraskatzen ziren forma okerrak lortzeko.

Berunezko zerrenden hegalak tinglearekin irekitzen dira beira sartzeko. Tratatuen arabera, tresna hori behi-hezurrez egiten zen. Beiragilearen mastika berunaren eta beiraren artean aplikatzen da enpastatzeko hortza erabiliz.

Lan-tresnak. (Irudia: Creative Commons)

Berunezko zerrendak

Berunezko zerrendak ekoizteko, metala galdatu eta molde batean isurtzen da. Gero, hozten utzi eta luzatzeko errota batean luzatzen da.

Errota horiek hainbat gurpil dituzte, nahi den neurriaren arabera alda daitezkeenak, eta berunezko profila zapaltzen dute alde batetik sartzean eta, biradera baten bidez, luzatu eta kontrako aldetik atera arte pasarazten dute.

Beira jartzeko berunezko zerrendak

Beruneztadura

Beirak kartoian markatutako lerroei jarraiki mozten dira edo, bestela, zati bakoitzaren txantiloiekin lan egin daiteke. Beruneztadura ere marrazkiaren gainean egiten da, beirak berunezko zerrenden profiletan kokatuz. Eztainuarekin berunezko zatiak soldatzen dira.


BERTIZKO ARGIA


ZER DA BEIRATE BAT?


BERTIZKO BEIRATEAK


BISITA BIRTUALA