Ezagutu beirate-bilduma

BEHEKO SOLAIRUA
LEHENENGO SOLAIRUA
BERINAPEA ETA KAPERA
AIZKOLEGI

BERINAPEA ETA KAPERA

Berinapearen egungo egoera, zaharberritua izan eta gero
Berinapearen egoera, desinstalatua izan aurretik

Kaperaren kanpoaldean, Bertizko Jaurerrian dauden beirate modernistetan ikusgarrienak apaintzen duen txoko atseginari la Glorieta deitzen zioten Ciga-Fernández senar-emazteek. Berinapeak eta beirateak osatzen duten multzo hau 1907 eta 1908 artean gauzatutako kaperaren erreformaren ondorioa da.

Forjazko berinapea burdinazko arkitekturaren adibide bat da eta Luis Elizalde arkitekto donostiarrak egin zuen. Haren gainean, Maumejean Hnos lantegiak diseinatu eta eraiki zuen beirate hau ezarri zen. 26 panelez osatuta dago; 13 goian, ia bi metro altu direnak, eta 13 behean, txikiagoak.

6 metro zabal den beirateak emakumezkoen irudiak dituen eszena bat agertzen du. Irudiok muturretan daude eta Alphonse Mucha artistak diseinatutakoen antzekoak dira. Haien arteko paisaia tonalitatez aldatzen doa eta urtaro bakoitzak berezko dituen elementuak sartzen dira: landarediaren kolorea, elurra, beltxargak, urmaelean dagoen txalupa, etab. Beirateak Lau urtaroen alegoria irudikatzen du. Ciga senar-emazteek paseatu eta gozatu ohi zuten lorategiko xehetasun batzuekin erlazionatu daiteke beiratea.

Alderdi teknikoari dagokionez, beirate tradizionala da, beruneztatua. Nabarmentzekoa da azidoaren teknika erabili zela beira batzuen itxura aldatzeko. Era horretan, degradatu sotilak lortu ziren zeru, lore eta soinekoetan.

80. hamarkadan beiratea erabat hondatuta zegoen. Beheko panelak galduta zeuden eta goikoek haustura asko zituzten, beheko herenean batez ere. Urte horietan beiratea desmuntatu eta bi kutxatan gordeta biltegiratu zen 30 urtez. 2011tik aurrera, beiratea berreskuratu eta aztertzeko lan egiten hasi zen. Zaharberritze-lanak 2019ko martxoan amaitu ziren eta beiratea kaperaren berinapean kokatu zen, Bertizko Argiak haren distira guztia berreskuratu zezan.

KAPERA

Kaperan adibide klasikoenak daude. Lau beiratek eraikin soil honen baoak ixten dituzte eta epeltasuna ematen diete Bertizaranaren argitan.

Kaperako sarreran, beirate batek Santa Maria Basilikara sartzen ari garela adierazten digu.

Sartzen garen heinean, bistak burualdeko erdi-puntuko leihora garamatza, zeinak egunsentia irudikatzen duen.

Eszena nagusia, Familia Santua irudikatzen duena, Errenazimentuko obra ezagunetan inspiratuta dago. Hain zuzen, Errenazimentuan, beiragileak margolari bihurtu ziren. Sinatuta dago eta 1908ko data du.

Sakristian,idi-begi batean Kristoren anagrama edo Krismoia irudikatuta dago.

BEHEKO SOLAIRUA
LEHENENGO SOLAIRUA
BERINAPEA ETA KAPERA
AIZKOLEGI

BERTIZKO ARGIA


ZER DA BEIRATE BAT?


BERTIZKO BEIRATEAK


ZAHARBERRITZE-PROZESUA


BISITA BIRTUALA