Galdutakoaren bila
Panelak lantegira garraiatu ziren esku-hartzea egiteko. Beirateen zaharberritzea oso lan oso espezifikoa da, eta, gehienetan, beirateak desmuntatu behar dira tratatu ahal izateko.
Panelen lamina itsaskorra kendu zen panelak ongi ikusi ahal izateko. Halaber, gainazaleko zikinkeria garbitu zen brotxak, xurgagailuak eta doitasun-tresna txikiak erabiliz.
Beirate berriekin lan egitean egiten denean bezala, hondatutako beirateak tratatu eta aztertzerakoan ere, fun-tsezkoa da diseinuaren kartoizko kopia bat eskuratzea.
Panel bakoitzeko bi kalko prestatu ziren. Baten gainean beruneztatua kendu zen, eta, tratamendua amaitu eta gero, bestearen gainean beruneztatua berrezarri zen.
Beirate honen kasuan, panel asko moztuta zeuden eta behealdeko berunezko sarea erabat deformatuta zegoen. Hortaz, obrari buruzko ikerketa eta haren diseinua berreraikitzeko lan gogorrari ekiteko oinarria kalko hau izan zen.
Garrantzi handiko zatiak falta ziren: aurpegiak, arropak, beltxargak, txalupa, baita sinadura eta data ere.
2014. urtean, Jokin Larumbe Bertizko Natur Parkearen Ingurumen Departamentuko arduradun izendatu zuten. Ordutik aurrera, beiratearen argazkiak bildu ziren, Ciga senar-emazteen garaitik hasita.
Jaurerriaren txoko honetan ateratako familia argazkiak, inguruko argazkilari profesionalen materiala eta José Joaquín Roncal arkitektoak 80. hamarkadan Nafarroako Gobernuak enkargatutako proiektuak idatziz jasotzeko ardura hartu zuenean atera zituen irudiak oso lagungarriak izan ziren diseinua berregiteko.
Zuri-beltzean egindako argazkien bidez, falta zen berunezko sarearen zati bat nolakoa zen jakin zen.
Bilaketa, muntaketa eta analisi zeregin horietan orduak, egunak eta hilabeteak eman ziren.
Beiratearen gune batzuei buruzko informazioa falta zen eta, argazki-muntaia egin eta gero, gune horiek identifikatu ziren. 13. eta 9. panelen behealdeko gune batzuetan, landareak berregin ziren panel horien zein aldameneko panelen diseinuari jarraiki.
8. panelean, beltxargak argazkiak handituz “berrinterpretatu” ziren, handitzeak oso lausoak izan arren.
Hala, kartoi berriaren behin betiko diseinura hurbiltzen zen lehenengo zirriborroa marraztu zen.
Puntu horretan, jatorrizko beiratearen akatsak hauteman ziren. Batetik, lerro horizontalak ez zetozen bat; adibidez, 9. eta 10. paneletako zeruetan beirak tolestuta zeuden. Bestetik, 1. paneleko arropak moztu egiten ziren 2. panelera igaro gabe.
Horri guztiari esker, berunezko sarea –beiratearen oinarrizko diseinua– osa-tzea lortu zen. Jarraian, kolorea aztertu behar zen.
Madrilgo Arte Apaingarrien Museo Nazionalaren funtsetan, Maumejean etxeko beste beirate batzuen kartoiak eta bozetoak kontsultatu ziren. Lagungarria izan zen motibo hori bera irudikatzen zuten beste ale batzuk topatzeko. Horri esker, posible izan zen galduta zeuden beltxargak diseinatzea.
Aukeratutako beira berriek primeran funtzionatu behar dute ingurukoekin. Horretarako hainbat propietate hartu dira kontuan: kolorea, tonua, lodiera, ehundura, etab.
Koloretako beirei buruzko informazioa pixkanaka bildu zen, koloretako argazkien xehetasun guztiak aztertuz eta argazki horiek panel bakoitzean kontserbatzen diren beiren benetako koloreekin alderatuz.
Lan hori egin eta gero, beiratea berrintegrazio kromatikoaren proposamen batekin osatu zen.
Proposamen horren bidez, galdutako beirak ordezkatzeko beira aproposenak bilatzen hasi zen.
Hutsuneak banan-banan aztertu ziren. Kasu bakoitzarentzako konponbiderik egokiena bilatu zen.
Beirateen lantegien ezaugarrietako bat materialak aprobetxatu egiten direla da. Beirak urteetan zehar gorde egiten dira, nahiz eta oso zati txikiak izan, noizbait erabilgarriak izan baitaitezke.
Ohitura hori lagungarria izan da beirate honen kasuan, izan ere, erabili diren beira gehienak beiratea egin zen garaikoak dira, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera artekoak. Horrela, erabili den materialak jatorrizkoaren antzeko propietateak ditu.